dijous, 30 de maig del 2013

Lhasa, desagertzear dagoen hiria

Tibeteko hiriburua da Lhasa, gaur egun Txinaren menpeko Tibeteko Eskualde Autonomoko (TAR, ingelesez) hiri nagusia. Tibetarrentzat, antza, Ü-Tsang probintziako hiriburua eta hiri sakratua da, Songtsän Gampo enperadoreak VII mendean inperioko gobernuaren egoitza han finkatu zuenetik. Izan ere, gaur egungo Qinghai probintzia ia osoak, Sichuan probinziaren erdiak eta Gansu eta Yunnan probintzien zati batek historikoki Tibet izan dena osatzen dute, aintzinako Amdo eta Kham eskualdeak hain zuzen.

Map of Historic Tibet 
Esan bezala, Songtsän Gampok eman zuen Lhasa eraikitzeko agindua, Yarlung ibaiaren bailaran zegoen Rasa (ahuntzen lurra) herriaren gainean. Kondairak dioenez, bera ere izan zen Jokhang tenplua eraikitzeko agindua eman zuena. Inperioa amaitu ondoren bere garrantzia mantendu zuen, batez ere V. Dalai Lamak Potala jauregia eraiki eta bere gobernuaren egoitza han finkatu zuenetik. Hura ere bada budismo tibetarrarentzako leku santua, Tibeteko monastegi nagusiak (Sera, Drepung eta Ganden) haren inguruan kokatzen direlarik. Horregatik, milaka tibetar abiatu izan dira harantz peregrinazioan Kora delakoa burutzeko, bai Ü-Tsang-ekoak baita Amdo eta Kham-ekoak ere.
Hala, mendeetan zehar bere izaera sakratua eta tibetarrentzako nagusitasuna kontserbatu zuen, unean uneko egoera politikoa edozein zelarik ere. Berean iraun zuen guda zibilei edota atzerriko okupazioei aurre eginez, harik eta Qing dinastiak XVIII. mendean Tibet lehen aldiz menperatu zuen arte. Dinastia horren gainbeherak ahalbidetuko zuen Tibetek independentzia berreskuratu izana. Izan ere, Taping matxinadak, Opioaren gerrateek izandako ondorioak eta txinatarrek Qing dinastia atzerritartzat hartu izanak Txinako populazioarengan herra piztu baitzuen, 1912ko Xinhai-ko matxinadak hura erortarazi eta errepublika finkatu zuen arte. Egoera hori aprofitatuz, XIII. Dalai Lama Indiatik Tibetera bueltatu zen, Txinarekiko gatazkak 1910ean hara erbesteratzera behartu zuen ondoren. Orduan, Tibeteko gobernua indartu eta 1913an independentzia aldarrikatu zuen. Herrialdea de facto independentea izan zen 1949an Mao Tse-Tungek eta haren armadak Txinako Herri Errepublika aldarrikatu eta Tibeten okupazioari ekin zioten arte. 1959an, gaur egungo Dalai Lama Tenzin Gyatso buru zuen matxinada jazo zen Lhasan; hori izan zen Txinak Tibeten aurkako errepresioa indartzeko arrazoia. Horren ondorioz, Dalai Lamak Indiara ihes egin behar zuen ehunka tibetarrekin batera. Bertan geratu zirenentzako egoera ankerra izango zen, batez ere Iraultza Kulturalaren garaian. Eta horretan dirau...
Tibetek azken 60 urteotan bizi duen egoera kontutan hartuta, norberak imajina dezake tibetarrek euren herrian jasan duten jazarpena. Iraultza Kulturalak haien ondare erlijioso eta kulturalaren adibide ziren eraikin asko eta askoren suntsipena ekarri bazuen ere, gaur egungo "garapenak" haientzako ingurumenaren eta tibetarrren antzinako bizimoduaren desagerpena ere dakar. Horren adibide argia Lhasa hiria jasaten ari den eraldaketa bortitza litzateke. Izan ere, Tibeteko hiriburua turistentzako erakargarria izan daitezen moldatzen ari dira, hango ondare kulturala suntsituz. Horrela, Jokhang tenplua inguratzen duen Barkhor kalean, herrialdeko leku guztietatik hara erromesaldian joaten direnek igaro beharrekoan hain zuzen, zenbait merkatal gune eraikitzen ari dira, aparkaleku eta guzti. Gainera, Lhasako alde zaharreko zenbait auzotan bizitzen zen jendea (tibetarrak batez ere) hiriko beste auzuneetara kanporatzen ari dira hiria "garatzeko" beste zenbait proiektu direla medio. Egoera latz hori azaleratzen duten argazkiak Tsering Woeser idazle eta ekintzaile tibetarrak bere blogeko argitalpen batetan ikusgai daude. Testua ingelesez irakurri nahi izanez gero, High Peaks Pure Earth webgunean eskuragai dago.
Garapenaren izenean, herri oso baten nortasuna ezabatzen ari dira. Gainera, indar okupatzaileek hango biztanleak preso balira bezala tratatzen dituzte. Izan ere, Lhasatik kanpo jaiotako tibetarrek hainbat dokumentu eskatu behar dituzte hara joateko; behin hara heldu direnean, hainbat kontrol pasa behar dituzte, non dokumentuak erakutsi beharrean daude. Jakina, txinatarrek edonondik hara joateko eta hirian barrena mugitzeko askatasun osoa dute, hango populazioaren gehiengoa Han etniakoa izateraino. Hara joaten den jendea, besteak beste, laguntza ekonomikoa jasotzen du Tibeten bizitzearen truke, migrazio mugimendu hau erakargarri bilakatuz. Tibetarrentzat, aitzitik, ez dago laguntzarik haien bizimoduari eta hizkuntzari uko egiten ez badiote: marginalitatea besterik ez zaie gelditzen.


Egoera hau bidezkoa al da? Zer egin behar dugu hau gerta ez dadin? Bidegabekeria hau lehenbailehen saihestu beharrean gaude denak, ez Txinako gobernua soilik. Lhasa bezalako hiri baten galera gizateriaren kalterako izango litzateke, milaka urteetako kultura galduko baitzen.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada