dijous, 17 de gener del 2013

Tibet, euskaraz!

Gurean badago gure egoeran dauden beste herrialdeekiko elkartasun sentimendu bat. Edonork izan du Katalunian edo Eskozian abiatu den prozesuaren berri, badaki zer gertatzen ari den Mendebaldeko Saharan edo Palestinan. Baliteke Kanadako Idle No More mugimenduari edo Txileko Maputxeen borrokari buruzko zerbait ere jakitea. Gaur egun, informazioak ez du mugarik sare sozialei esker.

Orduan, zergatik hainbesteko isiltasuna Tibeten gertatzen ari den guztiaren inguruan? Oso gutxik daki han bizitzen ari den gatazka bortitzari buruzko ezer. Komunikabideetan azaltzen denean oso tarte txikia eskaintzen zaio, garrantzirik gabeko zerbait balitz bezala. Handik iristen zaigun informazioa eskasa bada ere, hemen ez zaigu guztia heltzen. Are gutxiago euskaraz: Berria egunkaria da hango gertaera garrantzitsuenak jarraitzen dituen bakarra.

Zer dakigu Tibeti buruz? Hau da argitu beharreko punturik garrantzitsuena. Jende gehienak badaki Dalai Lama nor den, Himalaia mendizerra han kokatuta dagoela, hango erlijioa budismoa dela. Besterik ez. Horrek topiko eta estereotipo ugari sortzea eragin du, bertako errealitatea ezagutu gabe.

Ezinezkoa da Tibet zer den eta hango gatazka zertan datzan post bakar batetan azaltzea. Izan ere, gai hau jorratzen duen bibliografia guztia euskaratu beharko genuke, beste leku batzuetan gertatzen den bezala. Beraz, zeren zain gaude?

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada